Bakarrik jantziko dut neure burua!

 Gogoratzen al zara haurrari hori esaten entzun zenion lehen aldiaz? Niretzat lehen hitzak esan zituenean edo lehen urratsak eman zituenean bezala izan zen. Ez dut gogoratzen zer denbora nuen zehazki, baina esaldi horrek, bere autonomia pertsonalerako bidea markatu zuen, ezbairik gabe.

Eranzteko eta bakarrik janzteko ahalmenak ematen duen autonomia mugarria da haurren garapenean, autonomian eta segurtasunean.

Dendan askotan ikusten dut, bi urte eskaseko haurrak, eranzteko asmo geldiezinarekin, nahiz eta, errazagoa eta azkarragoa den guk egiten badugu, utzi egin behar zaie. Ez alferrik, bizitzan beste gauza asko bezala, deseginez ikasten baita lehenik. Janzten ikasteko eranzten ikasi behar dute lehenik.

Bi eta hiru urterekin bakarrik eranzteko gai izango dira, eta lauzpabost urterekin, haur gehienak bakarrik janzten dira. Haur bakoitza bere erritmoan noski, baina presarik eta etenik gabe, lagundu eta estimulatu ahal izango diegu prozesuan; jartzen eta kentzen errazak diren jantziak erabiliz, belkrodun oinetakoak erabiliz, oinetakoen lokarriak lotzen ikasi arte, gerriko elastikoa duten jantziak lagunduko diete, kremailerak eta botoiak saihesteko, eta azkenik, noizean behin, haurrak egun horretan erabili nahi duena aukeratzen utziz, nahiz eta armairuan ur-botak aurkitu eta hondartzako jantzi batekin batera jartzeko gai izan. Ez da erronka makala!

Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da hezitzaileek eskolan egiten duten lan handia. Oso irudi argia datorkit oroimenera; egun batean lau urteko gelan, irteteko ordua gainean, irakasleak haur guztiak zituen aurrean jakak lurrean ahoz gora jarrita, eta teknika guztiz erraza eta eraginkorra baten bidez; irakasleak bat, bi, hiru esan zuen, eta magia sortu zen. Haur guztiek bi eskuak aldi berean bi hegaletan sartu, jakak lurretik jaso eta beren buruaren gainean biratu zituzten, eta oharkabean jaka erabat bakarrik jantzia zuten, ahaztu ezinezko aurpegietan atseginezko irribarrez begiratzen ziguten bitartean. Gaur egun, horrela jarraituko dutela pentsantzen dut. Inoiz ahazten ez diren gauza horietako bat izan zen, oroimenean betiko grabatuta geratzen diren horietakoa. Igande on!

ALGUNAS FOTOS